Somalia: haurren bizitzak arriskuan, gero eta egoera larriagoan

UNICEF larriki kezkatuta dago Somalia-ko gatazkan indarkeriaren gorakadak haurrengan duen eraginagatik. “Gero eta haur eta zibil gehiago daude erasoaldien eta tiroketen erdian harrapatuta Somaliako erdialde eta hegoaldean”, adierazi zuen Sikander Khan UNICEFek Somalia-n duen ordezkariak.  “Azken asteotan haurren heriotza-tasa eta zauri larriak nabarmen igo direla ikusten ari gara”.

Haurren eskubideen urraketa larriei buruz NBEaren ikuskapen-sistema eta txostenen arabera, 24 haur erail dituzte gatazkan pasa den urrian, aurten hilero gertatzen diren hilketen ia kopuru bikoitza.

Gainera, 58 haurrek zauri larriak pairatu dituzte urrian. Hilabete hori izan da aurten Somalia-ko gatazka armatuaren ondorioz zauritu gehien izan dituena. 2011 honetan zehar, 300 haur inguruk pairatu dituzte zauri larriak eta 100 haurretik gora hil dira gatazkaren ondorioz.

“Hildako eta larriki zauritutako haurren zifra hauek baieztatu badira ere, baliteke are gehiago izatea, baieztatu ahal izan diren eraildako eta zauritutako haurrez gain”, adierazi zuen Khan-ek.

talde armatuek haurrak errekrutatzen dituzte

Baina bada beste kezka larri bat ere: talde armatuek haurrak erreklutatu eta erabiltzen dituzte eta, horrez gain, haur eta emakumeekiko sexu-bortizkeriakasuak ematen ari dira. Aurten, NBEaren ikuskapen-sistema eta txostenen arabera, talde armatuek 600 haur erreklutatu eta erabili dituzte eta 200 bat haur izan dira bortxatuak, neskak gehienak.

“Somalia-ko haurren egoera gero eta larriagoa da gatazkaren gorakadaren ondorioz. Nazioarteko zuzenbidearijarraiki, Somalia-ko gatazkan parte hartzen duten alderdi guztiei hilketa, ebaketa, errekrutatze eta haurrak bortxatzeari uzteko deia egiten diegu. Edozein etsaigo-egintzetan haurren segurtasuna eta babesa bermatu behar dira”, adierazi zuen Khan-ek.

Indarkeriaren gorakadak, gainera, laguntza humanitarioa gehien behar dutenengana iristea zailtzen du.

“Gosete eta gaixotasunen ondorioz bizitza eta heriotzaren arteko egoerari aurre egin behar dioten milaka eta milaka haurrek, gainera, laguntza humanitarioa gelditzeko arriskuari egin behar diote aurre. Alderdi guztiei dei egiten diegu, era azkarrean haur eta emakumeei laguntzen utz gaitzaten. Milaka haurren bizitza gure eskuetan dago eta gure erantzukizuna da”, adierazi zuen Khan-ek.