Desnutrizioaren aurkako borroka Pakistan-en

Mohammad Ali Jamshoro kanpoaldeko herri txiki batean bizi da, Sindh-eko probintzian. Bi urte baino ez ditu eta jada bizirauteko borroka gogorrari egin behar izan dio aurre, desnutrizio akutu larriak eragindako osasun-arazo larriak pairatu baititu.

Aurtengo irailaren hasieran, montzoi-euriekMohammad-en etxebizitzaren eta herriaren zati handiena suntsitu zuten, eta hamar kideko bere familiak beren ondasun urriak bertan behera utzi behar izan zituen.

Uztak txikitu ziren, edateko ura eskasa zen eta Mohammad, 8 anai-arrebetatik txikiena, pisua galtzen hasi zen. Segituan hartu zuten Jamshoro-ko ospitalean eta desnutrizio akutu larria eta sabeleko infekzio hilgarria diagnostikatu zizkioten.

“Mohammad ospitaleratu genuenean, zazpi kilo baino ez zituen pisatzen eta osasun-egoera txarra zuenez, ez geunden ziur biziraungo zuenik”, adierazi zuen Zulifar-ek, Jamshoro-ko ospitaleko langileak.

Ospitalean aste bat igaro ondoren (UNICEFek emandako medikamentu eta tratamendu terapeutikoa jaso zituen), Mohammad Ali-ren osasun-egoera asko hobetu zen eta pisuz igo zen. OrainAnbulatorio Terapeutikoaren Programan ari da tratamendua jasotzen. Bertan, asteroko txekeoa egiten diote eta elikagai terapeutikoak jasotzen ditu.

Mohammad etxera itzuli berri da bere familiarekin. Bere zazpi anaia-arrebek elikadura txarraren ondorioak pairatzen dituzte, azaleko arazoak edo arnasketa-infekzioak, esaterako.

Noor, bere ama, baikor agertzen da, zailtasunak badaude ere. “Batez ere, Mohammad arriskuan ez egoteagatik nago pozik”. “Hezkuntza jasotzeko aukera izatea espero dut, egunen batean mediku bihur dadin, hartara, egoera honetan dauden haurrei lagundu ahal izango die".

Bizirauteko borroka

Mohammad haurraren egoera oso ohikoa da Sindh-eko herritarrengan, azkenaldiko montzoi-euriek kaltetutako 5,4 milioi pertsonen elikadura-egoera kaskarra zaildu baitute. Kopuru horren erdia haurrak dira.

Uholdeek etxebizitzak, negozioak eta ganaduak suntsitu dituzte eta, beraz, herritarren bizitzeko bitartekoak deuseztatu eta elikadura-segurtasuna ahuldu dute. Familiaklanik gabe eta beren uztak lantzeko lurrik gabe gelditu dira eta, beraz, ezin diete beren seme-alabei behar bezalako elikadura eskaini.

Larrialdi izugarri honek are gehiago zaildu du eskualdeko pobrezia, 2010eko uholdeek eragindako galeretatik berreskuratzen ari zen herritarrena. Horrez gain, desnutrizio kroniko mailak areagotu ditu eta hondamendi bikoitza eragin.

desnutrizio-maila larriak

Aurten uholdeen aurretik egindako elikadura-inkesta baten emaitzen arabera,Pakistan-go familien %58k elikadura segurtasun ezapairatzen du. Herrialde osoko ia haurren herenak pisu baxua du eta egoera hori are okerragoa da landa-eremuetan bizi diren haurrengan. Desnutrizio akutuaren tasa (% 15,1) maila kritikoan zegoen eta desnutrizio akutu larriak (% 5,8) oso maila altuak lortu zituen.

UNICEF eta bere aliatuak Sindh-eko kaltetutako eremuetan bizitzak salbatzeko hornidura eskaintzen ari dira, elikadura terapeutikoa eta desnutrizioa tratatzeko medikamentuak barne.

UNICEF Anbulatorio Terapeutikoaren 59 Programa berriri ari da laguntzen, horiek larriki kaltetutako eremuetan elikadura-zerbitzuak eskaintzen dituzte. Zentro berri horiei gehitu behar zaizkie jada Sindh-en 2010eko uholdeen ostean abian jarri ziren beste 454 zentro. Desnutrizio larri eta arina pairatzen duten 30.000 haurretik gora erregistratu dira jada elikadura arloko laguntza jasotzeko.

Horrez gain, desnutrizioa pairatzen duten 10.800 emakume haurdun eta bular-emailek eman dute izenaelikadura osagarrirako programetan, eta ehunka milek amagandiko edoskitzea esklusiboa izatearen garrantziari buruzko prestakuntza jasotzen dute.

2011ko Pakistan-go uholdeentzat, UNICEFen Erantzun Azkarra Planaren baitan, UNICEFek 50,3 milioi dolar behar ditu, haur eta emakumeen berehalako beharrak asetzeko sei hilabetetan zehar, elikadura-programak laguntzea barne.