SahelNOW: alarma jo

SahelNOW: alarma jo

UNICEFek Sahel-en milioi bat haur hiltzeko arriskuan dagoela ohartarazi du Internet-en eta sare sozialetan abian jarri duen nazioarteko ekimen baten bitartez.

Alarma jo: Milioi bat haur arriskuan lelopean, UNICEFek sentsibilizazio eta diru-bilketarako kanpaina orokorra martxan jarri du eta bertan mundu osoko bulegoek parte hartu dute. Kanpainaren helburua, Afrikako Adarrean iazko udan gertaturiko moduko bigarren hondamendi bat sahiestea da.

Anthony Lake txad-en

Ekimen hau, Anthony Lake UNICEFeko Zuzendari Exekutiboak aste honetan Txad-era egin duen bisitarekin batera dator; bertan, nazioarteko komunikabideetako kazetari talde batekin batera, UNICEFek larrialdi honetan gauzatzen duen lana ezagutuko du.

Afrikan dagoen Sahel eskualdeak, elikadura eta nutrizio arloko krisi larria pairatzen du. 2005, 2010 eta orain 2012an jasan dituen lehorte jarraiek, eskualdean bizi den segurtasun ezaren gorakadarekin batera, familiak amildegiaren ertzera daramatza.

Gai Humanitarioen Koordinaziorako NBEren Bulegoaren arabera (OCHA), 15 milioi pertsona inguruk zuzenean pairatzen dituzte krisi honen eraginak. Horietatik kalteberenak haur txikiak dira.

Iaz UNICEFek desnutrizio akutu larria zuten 587.000 haur tratatu zituen, estimatzen den guztizko 872.000 kasuetatik. 2012an kopuru hori gainditzea da asmoa eta ahalik eta haur gehienei tratamendua eskaintzea, milioi bat eta 1,4 milioi haur izan daitezkeelarik.

neurri errazen bitartez bizitzak salbatzea

Sahel-eko larrialdiari 2012an eman beharreko erantzuna,Sahel-en desnutrizio kronikoa sortzen duten egiturazko kausen aurka borrokatzeko aukera da eta, aldi berean, eragina pairatzen duten erkidegoen aurre egiteko ahalmena sendotzeko aukera.

Sahel-eko larrialdia hondamendi bilakatu ez dadin hartu beharreko neurriak ezagutzen ditu UNICEFek:

• Soilik 100 dolarrekin (75 euros), haur bat desnutrizio akutu larria izatetik salba daiteke.

Elikadura terapeutikoa, prebentzioa eta malaria zein beherakoa bezalako gaixotasunentzako tratamendua, txertaketa eta saneamendu lan egokiak konbinatuz.

Erkidegoan oinarrituriko tratamendua eskaintzeko gobernuekin lankidetzan arituz, desnutrizio akutu larria duten haurren jarraipena egiteko tokiko jarduerak bultzatzen diren aldi berean.

• Ohiko elikadura laguntzak soilik ez ditu bizitzak salbatzen. Nutrizio arloko beste esku hartze batzuk, hala nola proteina eta mikroelikagaien gehigarriak hartzea, beharrezkoak dira desnutrizio akutu larria duen haur bat sendatzeko, baita osasun, ur eta saneamendu, hezkuntza zein haurren babeserako zerbitzu desberdinak eskuragarriago izatea.

UNICEFek larrialdi honetako beharrei aurre egiteko 120 milioi dolarreko aurrekontua estimatu du (89 milioi euro baino zerbait gehiago), eta horietatik soilik %30a lortu du.

Gainera, 19 milioi dolarreko laguntza gehigarria behar da (14 milioi euro baino gehiago), Mali-n milaka pertsonen lekualdatzea sortarazi duen oraingo krisiari erantzun ahal izateko.