Haurren Egoera Munduan: Argitalpen Berezia

2009ko azaroaren 20an, nazioarteko erkidegoak Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmenaren 20. urteurrena ospatzen du.Historian gehien berretsia izan den giza eskubideen nazioarteko ituna da eta haren 54 artikuluek eta ondoren gehitu zaizkion Hautazko Protokoloek, haur guztien eskubide zibil, politiko, kultural, sozial, eta ekonomikoen multzoa artikulatzen dute, funtsezko lau printzipioetan oinarrituta: diskriminaziorik eza; haurren interes gorena; bizitzeko, biziraupenerako eta garatzeko eskubidea; eta haurren ikuspuntuarekiko errespetua. Printzipio horiek, haurren biziraupenerako, garapenerako, babeserako eta parte hartzeko eskubideak gauzatzeko interesdun guztiek burutzen dituzten jarduerak bideratzen dituzte, haurrak barne harturik.

Munduko herrialde guztiek sinatu dute eta gaur egun guztiek, bik ez ezik, lege gisa berretsi dute.Hitzarmena nazio mailako zein tokiko legedietan finkatu da eta mundu osoko gobernuek haurren eskubideak eta haurren garapena, beren lege programetako osagai nagusitzat har dezatela bultzatzeko lagundu izan du. 1990etik, 70 herrialde baino gehiagok, legeria penalean haurren eskubideei buruzko kodea sartu dute, Hitzarmenaren xedapenetan oinarritutako erreforma juridikoaren jardueren barnean.

Haurren Egoera Munduan Txostenari dagokion argitalpen berezi honek, Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmena sinatu zenetik egin diren aurrerapenak aztertzen ditu eta ahalegin oraindik handiagoa egiteko beharra azpimarratzen du, mundu osoko haur guztiek beraien eskubideak bermatuta ikus ditzaten.