Uholdeak Malawin: alerta gorena maila handiko kolera-agerraldiaren aurrean

UNICEF Malawi alerta egoera gorenean dago kolera-agerraldi bat baitute hegoaldeko mugaldeko eremuetan; bertan daude uholdeengatik lekuz-aldatutakoen kanpamentuak, jendez gainezka.
 

Osasun Ministerioak bi asteren barruan 39 kolera kasu baieztatu ditu, horien artean 2 hildako. Arduratuta daude infekzioa azkar zabaltzeak agerraldia are handiagoa izatea ekar baitezake eta, ondorioz, osasun zerbitzuek egoerari ezin aurre egitea.

Mozanbiketik datozen berriak ere kezkagarriak dira –Malawirekin mugan dago-, han 3.400 kolera kasu baino gehiago erregistratu dituzte. Gaixo daudenetako asko haurrak dira, eta 37 hildako egon dira joan den abenduaren 25az geroztik.

Nahiz eta kolera dutenen sintomak oso arinak izan daitezkeen - kasu askotan sintomarik ere ez da izaten hasieran-,gaixotasuna barreiatu dezakete. Behin infekzioa dutenean, gaixoek sabelekoa eta okadak izaten dituzte; eta kasu aurreratuagoetan deshidratazio larria. Gaixoak behar bezala artatzen ez badira, kolera hilgarria izan daitekeordu gutxitan, eta bereziki larria da haur txikienentzat.

“Malawiko agente humanitarioak garen heinean, oso azkar lan egin behar dugu gaixotasunaren hedapena gelditzeko. Oso zaurgarriak dira lekuz aldatu diren herritarrak, gehien bat immunitate baxua dutenak, elikatu gabeko umeak kasuko”, ohartarazi du herrialdeko ekialdean UNICEFek duen ordezkariak, Mahimbo Mdoek.
 

UHOLDEAK MALAWIN: UNICEFEN ERANTZUNA

“Unicefek, oraingoz, honako babes ekipamenduak bidali ditu: 30 ohe, 15 isolamendu-denda, botikak, zain bidez emateko likidoak eta 1.450 kloro botila”, adierazi du UNICEFen Osasun buruak, Kyaw Aungek.

Gainera, koleraren inguruko osasun zerbitzuak eta osasun-hezkuntza eskaintzen ari dira eta garbitasuna sustatzen kanpamentuetan. Lan hori guztia aliatuekin batera egiten da: Osasun Ministerioa, Munduko Osasun Erakundea, Mugarik Gabeko Medikuak, Gurutze Gorria eta GOAL Malawi. Horien guztien laguntzarekin egunero egiten dute gaixoen jarraipena, eta lanean dabiltza artatzeko kolera izan dezaketen kasuak.

Uholdeek Malawiko 15 barruti suntsitu zituzten urtarrilean. 230.000 lagun inguruk lekuz aldatuta jarraitzen dute, izan ere, euriteek dihardute oraindik eta 172 lagun desagertuta daude.

Uholdeak hasi zirenetik UNICEF Malawi lanean ari da uraren bidez zabaltzen diren gaixotasunak ez barreiatzeko, kolera eta beste gaixotasun kutsakorrak kasu. Larrialdi egoera hori gelditzeko ezinbestekoak dira uraren eta saneamenduaren inguruko programak. Urtarriletik hona 68.487 pertsonek eskuratu dituzte saneamenduko zerbitzuak.