Haitiko lurrikara. 5 urte eta gero, aurrerapen garrantzitsuak haurrentzat

Haitiko haurren egoera dezente hobetu da erakunde eta lagun askoren lanari esker, baina oraindik asko dago egiteko lurrikarak herrialdea astindu zuela 5 urte pasa diren honetan.
 
Hondamendia gertatu zela 5 urte pasa direnean, UNICEFen egin dugun lan humanitarioaren azterketa txiki bat partekatu nahi dugu; eta erdietsi ditugun lorpen batzuk errepasatuko ditugu, betiere, Haitiko gobernuaren, aliatuen eta lagun konprometitu askoren laguntzarekin
 

HaitI: AURRERAPENAK OSASUN ARLOAN

2010etik hona, 3 milioi haur txertatu ahal izan ditugu, eta horrela, babestuta gelditu dira aurreikusi daitezkeen gaixotasun asko hartzetik. Immunizazio sistematikoa dutenen kopurua handitu da %58tik %80 baino gehiagora. Gainera, UNICEFek IHESA amak haurrari transmititzea ekiditeko 11 zentro berriren sorrera babestu du. 2010eko lurrikara dela-eta dagoen hilkortasun-tasa oso altua bada ere, haurren hilkortasun-tasa nabarmen jaisten doa azken 15 urteetan. 
 

HaitI: AURRERAPENAK ELIKADURA ARLOAN

Milioi erdi ume baino gehiagok jaso zuten desnutrizioaren aurkako tratamendua hondamendia pasa eta hurrengo urtebetean. Lortu dugu erdira jaistea desnutrizio larria duten 5 urtetik beherako umeen kopurua, %10etik %5era, hain zuzen ere. Desnutrizio kronikoa, berriz, %29tik %22ra jaitsi da. Ia 500.000 amek eta euren haurrek jaso dituzte aholkuak elikadurari eta edoskitzeari buruz, komunitate mailan babesa emateko sortu diren 198 “haurren lagunen txokoetan”. Horrez gain, anemia ekiditeko bitaminak jaso dituzte arriskuan zeuden 500.000 emakume baino gehiagok.

 

 

HaitI: URA ETA SANEAMENDUA

2014 arte 600.000 lagunek lortu dituzte ur eta saneamendu zerbitzu hobeak. Kanpamentuetan dauden 106.000 barne-desplazatu inguruk osasuna eta higienea hobetzeko programak izan zituzten 2014ean zehar.
Orotara, gutxi gorabehera, 196.000 pertsonek dute orain eskura, gutxienez, 10 litro ur edangarri egunean, UNICEFen laguntzarekin.
 

HaitI: HEZKUNTZA

80.000 ume baino gehiago doaz eskolara UNICEFek lurrikara ondoren eraiki dituen 193 eskoletara. Ikasketa-materiala jaso dute 750.000 umek eta 15.000 irakasle baino gehiagok, 2.500 eskoletan. 2012an Lehen Hezkuntzan zeuden 6 eta 11 urte bitarteko haurren %77a; 2005-2006 aldian, berriz, %50 baino ez ziren. Gainera, horniketa kit-ak jaso zituzten 49.500 ikaslek, horien artean 1.000 ikasle ezinduk.
 

Haiti: babesa

Lurrikararen ondoren babes psikosoziala jaso dute 120.000 umek baino gehiagok; horretarako erabili dira, UNICEFen laguntzarekin, komunitateko erakundeek sortutako “umeei harrera egiteko” 520 espazioak. Lurrikara gertatu zenetik, gurasoetako bat edo biak galdu dituzten 8.780 haur erregistratu dira; eta 2.770 euren gurasoekin elkartu dira.

Haurtzaroaren babesa bermatzeko marko juridikoa indartu da Haitin; horri esker, Haitiko umeen %73ak du jaiotza-agiria.

“Orain 5 urte gertatutako lurrikararen ezbeharra aukera bat da galdutakoari negar egiteko, baina baita lortu den guztia aitortzeko ere, eta horrela, gure esfortzua handitzeko egiteke dagoen guztia egin ahal izateko”, dio Marc Vicentek, UNICEFek Haitin duen ordezkariak. “Itxaropena da Haitirentzat etorkizun hobe bat lortzea, eta, ahaleginetan jarraitu behar dugu haur guztiengana iristeko”.