Denutrizioari aurre egiten Txad-en

Txad-en 127.000 haur desnutrizio akutu larriaren ondorioz heriotz arriskuan daudela estimatzen da. Egoera honen aurrean, UNICEFek ospitalei eta osasun-zentroei eskaintzen dien laguntza sendotzen ari da, desnutrizioaren aurkako tratamendua eskaini ahal izateko hornigaiak banatuz.

Ereta-k 8 hilabete ditu eta duela bi aste soilik 2'6 kilo pisatzen zituen. Orain Nokou-ko ospitalean dago, Kanem eskualdean, Sahel eskualdeak bizi duenelikadura krisiaren eragin handienak pairatzen dituena.

Zaïnabou Mamataya bere amak, ospitalean bi aste daramatzala kontatu digu eta denbora honetan 500 gramo loditu dela dio.

“Orain, esnea ematen diodanean, ondo edaten du. Loditzen ari da eta aldaketak ikus ditzaket. Ez dago lehen bezala”, azaldu du Mamataya-k.

Amagandiko edoskitzearen bitartez desnutrizioa prebenitzea

UNICEF desnutrizioaren azpian dauden kausen prebentzioan ere lanean dihardu. “Txad-en, biztanleek bereziki zerealetan oinarrituriko dieta ezorekatua dute. Amek ez dute amagandiko edoskitze esklusiboa praktikatzen", adierazi du Roger Sodjinou-k, UNICEFek Txad-en duen Nutrizio Arduradunak.

Txad-en 100 emakumetatik soilik 3k praktikatzen dute amagandiko edoskitze esklusiboa, mundu mailan amagandiko edoskitze tasarik baxuenetarikoa. Praktika honi esker, 5urtetik beherako haurren heriotza guztietatik %13a saihestu daitekeela estimatzen da.

“Erditu ondoren, haurrari ura ematen hasi nintzen edota artoarekin egosiriko ura eta olio pixka bat", dio Mamataya-k. “Gure amonen ohitura zaharra delako egin nuen. Benetan ez dakit zergatik egin nuen”.

etorkizun osasuntsuago baten alde borroka eginez

UNICEFek Médicos del Mundo erakundearekin modu estuan lan egiten du, herrixketako erkidego-taldeekin eztabaida saioak antolatzeko asmoz. Saio hauek,erkidegoko bideratzaileen zuzendaritzapean gauzatzen dira eta helburua, amagandiko edoskitze esklusiboaren garrantziaren inguruan sentsibilizatzea da. Amagandiko edoskitze esklusiboa praktikatzen dutenek, beste emakumeei beraien esperientzia pertsonala kontatzen diete.

“Teoriak ezagutzen ditugunean, praktikan jarri behar ditugu”, esan du Achta Mahamt Saleh-ek, erkidegoko osasun arloko langileak. 

“Sinesmenak eta ohiturazko praktikak aldatzeak denbora darama eta horretarako garapenerako plan bat beharrezkoa da", dio Sodjinou-k.

Desnutrizioaren azpian kausa ugari daude baina beraien eragina murrizteko modu asko ere badaude. Oraintxe bertan,berehalako lehentasuna bizitzak salbatzea da,baina epe luzerako estrategiak ere funtsezkoak dira eta etorkizunean bizitzak salbatzeko balioko dute", dio Sodjinou-k.