Ura familian

Galería de fotos
Argazki-galeria

Agua en familia: galería de fotos
Nahiko ur dugunean eta edateko ura erraz eskuratzen dugunean, ez gara konturatzen, baina urak eragin handia du familia bakoitzaren bizimoduan: eguneroko errutinak, ordutegiak, elikatzeko modua… dena dago kontsumorako ura eskuratzeko moduaren baitan.  Kasu askotan eragina izan dezake osasunean eta garapen-aukeretan ere, eta, kasurik okerrenetan, biziaren eta heriotzaren arteko aldea izan daiteke. Zenbat ur behar du familia batek? Argazki-galeria honen bidez munduan barrena bidaiatuko dugu hori jakiteko.
 

 

Galería de fotos

Rhodaren familia: 100 litro, zulatutako putzu bati esker

Agua y familias: Malawi

Rhoda Januaryk eta bere hiru seme-alabek 100 litro ur erabiltzen dituzte egunean: 40 euren higienerako, 20 edateko eta janaria prestatzeko, 20 arropa garbitzeko eta beste 20 platerak garbitzeko. Chikosan bizi dira, Malawi erdialdeko herri batean. Orain dela hainbat urte putzu bat zulatu zuten bertan. Putzu horri esker ura jada ez dute gainazalean dauden eta kutsatuta dauden putzuetatik hartzen. 

 

”Ura txarra zen. Ura arazteko produktuak gehitu behar izaten genizkion, baina oso pobreak gara eta ezin genuen ordaindu. Putzu hau dugunetik jendea jada ez da gaixotzen urarengatik”.


 


Argazki honi buruzko galderak gelarako:

  •  Malawi Afrikako herrialde bat da, krima tropikala du eta euri ugari egiten du azarotik apirilera bitartean. Gainera, laku handi batek (Malawi lakua) iparraldetik hegoaldera zeharkatzen du herrialdea.  Zure ustez, bertako herritar batzuek zergatik dituzte edateko ura izateko arazoak?
  •  Mundu osoko landa-eremuetan daude ur-putzuak. Zer da zulatutako putzu bat? Zertan bereizten da gainazaleko putzu batetik? Zein da hobea? Zein da garestiagoa? Inoiz erabili al duzu putzu bat? Nola jakin dezakezu gainazalekoa den ala zulatutako putzu bat den?

Galería de fotos

Amalen familia: 300 litro depositu batetik

Agua y familias: campo de refugiados de Za'atari (Jordania)

Amal Al- Hoshan eta bere familia Za´atariko (Jordania) errefuxiatuen esparruan bizi dira, euren herrialdeko, Siriako, gerratik ihes egin ondoren. Egunean 300 litro ur kontsumitzen dituzte etxebizitzen ondoan dauden eta bizilagun guztientzat diren ur-biltegi goratuetatik. Biltegiak UNICEFek hornitu zituen, eta 5 egunez behin betetzen dituzte zisterna-kamioiek.

“Esparrua basamortuan dago. Herrietako etxeetan bizi den jendeak ur gutxiago behar du, etxeak garbi baitaude. Errefuxiatuen esparruan hauts asko eta zikinkeria ugari dago. Etxea askotan garbitu behar izaten dugu, eta higienea oso garrantzitsua da”.

 

Argazki honi buruzko galderak gelarako:

  •  Errefuxiatuen esparruak euren herrialdetik ihes egin behar izan duten pertsonentzat antolatutako aldi baterako asentamenduak dira. Inor bizi ez den lekuetan eraikitzen dira, eta “benetako” herri batek izan ohi dituen erosotasunak falta zaizkie. Zure ustez, zer-nolako arazoak dituzte errefuxiatuen esparru batean bizi direnek?
  • UNICEFek ur-biltegiak instalatu aurretik, Amal kezkatuta zegoen higienearengatik, baina baita ura lortu nahiak kalean eragiten zituen segurtasun-arazoengatik ere. Zure ustez, nolakoa izango zen bizimodua errefuxiatuen esparru horretan ur-gordailuak instalatu aurretik?

Galería de fotos


Moumouni familia: 80 litro, 2 km-ra dagoen putzu batetik

Agua y familias: Níger

Fouré Moussa irribarretsu dago bere familiak behar duen ura hartzeko egunero erabiltzen duen bidoietako bat buruan duela. Bara-Bangou herrian (Niger) bizi da, eta ura hartzeko duen putzuak 400 bat pertsonari hornitzen die ura. Putzua bere etxetik 2 km-ra dago. Fouré Moussa gauez joaten da ilaran egon beharrik ez izateko, eta guztira 4 bidaia egiten ditu bere familiak behar dituen 80 litro ur hartzeko. Bidaia bakoitza egiteko ordu erdia behar izaten du, eta 20 litroko bidoi bat betetzeko 15 minutu behar ditu. Hala eta guztiz ere, bere ustez merezi du ahalegina egitea; izan ere, putzua izan aurretik jendea gaixotu egiten zen urarengatik. 

 

Argazki honi buruzko galderak gelarako:

  •  Zenbat denbora pasatzen du Fourék ura hartzen gauero? Zenbat pisu eramaten du bidaia bakoitzean? Zure ustez, zer egiten du eguneko gainerako orduetan?
  •  Euri-garaian Fourék etxetik hurbil sortzen zaizkion urmael txikietatik har dezake ura, baina etxea eta arropa garbitzeko bakarrik erabiltzen du ur hori. Zure ustez, zergatik egiten du hori?
Galería de fotos

Nyo Ooren eta Kyaw Soeren famlia: 100 litro, ordaindutako putzu batetik

Agua y familias: Myanmar

Nyo Oo jostuna da lanbidez, eta Kyaw Soe dendaria, familia Hnen Ser Kyin herrian (Myanmar) bizi da eta egunean 100 litro ur kontsumitzen ditu: 20 edateko, beste 20 janaria prestatzeko eta, gainerakoa, garbiketarako eta higienerako. Gobernuak eta udalak, UNICEFen laguntzaz, orain dela hainbat urte zulatu zuten bertako putzu batetik hartzen dute ura. Euri-garaian beste 200 litro ur lortzen dituzte gainazaleko putzu edo urmaeletatik euren higienerako eta garbiketarako, eta horrekin zulatutako putzua erabiltzeko egunean ordaindu behar izaten dituzten 40 dolar-zentimo aurrezten dituzte. Hala eta guztiz ere, ur horrekin, zenbaitetan, familia osoa gaixotzen da.

“Urtaro lehorrean oso garaiz jaiki behar izaten gara, eta jendez gainezka egon aurretik iristen gara putzura. Bi herrik hartzen dute ura putzu horretatik, eta, zenbaitetan, putzuaren maila hainbeste jaisten da denbora bat utzi behar izaten baitugu bere mailara etortzen uzteko”.

 

Argazki honi buruzko galderak gelarako:

  •  Udalek, normalean, tasa bat kobratzen digute herritarroi ura hornitzeagatik, azpiegitura eta hornidura gastuei aurre egiteko. Herrialde aberatsetan tasak altuak dira, baina herritarrek asumitzeko modukoak. Myanmar bezalako herrialdeetan, aldiz, egunean 40 zentimo ordaintzea asko izan daiteke; izan ere, per capita BPG urtean 1.249,8 dolarrekoa da. Hori jakinda, zer iruditzen zaizu familia honek euri-garaian hartzen duen erabakia?
  •  Hnen Ser Kyin herriko bizilagunek zenbaitetan putzuak berriz ere ura izan arte itxaron behar izaten dute. Zure ustez, zer-nolako eragina du horrek euren bizimoduan?
Galería de fotos

Sharker familia: 220 litro, putzu eta urmaeletatik

Familias y agua: India

Murali Para herrian (Bengala, India), etxe berean, orain dela hainbat belaunalditatik bizi den familia handi bateko amona da Atiphon Sarker. Egunean 220 litro ur erabiltzen dituzte: 50 janaria prestatzeko eta edateko, 70 
“komunerako” eta 100 euren higienerako. Ura bi putzutatik hartzen dute: gainazaleko batetik eta zulatutako batetik. Platerak eta arropa inguruan dagoen urmael batean garbitzen dituzte, edangarria ez den urarekin. Bainatu ere bertan egiten dira, herrian dagoen eskuzko ur-ponpa beti jendez gainezka baitago.

“Zulatutako ur-putzua 400 metrora dago lurpean, eta bertako ura garbiagoa eta seguruagoa da. Baina putzu bakarra dago 100 familiarentzat, eta hilean pare bat aldiz hondatzen da. Hondatzen den bakoitzean astebete behar izaten dute konpontzeko”.

 

Argazki honi buruzko galderak gelarako:

  •  Familia hori bizi den herrian ohikoa da beherakoa izatea. Zure ustez, zergatik gertatzen da? Zure ustez, saihestu al dezakete? Ba al dakizu zer-nolako higiene-neurriak hartu behar diren beherakorik ez izateko?
  •  Atiphonen familiak bi putzu ezberdinetatik hartzen du ura: eurentzat erosoagoa da eta, gainera, era horretara, ur gehiago izan dezakete. Zure ustez, zer-nolako neurriak hartu behar dira edateko ura eta edan ezin den ura erabiltzen direnean? Zure ustez, ideia ona al da biak nahastea edo bietarako bidoi bera erabiltzea? Zure ustez, ideia ona al da platerak edo arropa urmaeleko urarekin garbitzea?
  •  Herrian edateko ura hartzeko duten iturria hilean behin baino gehiagotan hondatzen da. Zure ustez, zer-nolako ondorioak izan ditzake horrek bertako bizilagunen osasunean?
Galería de fotos

Esteban familia: 100 litro ur iturritik

Agua y familias: Bolivia

Esteban familia La Paz hiriko (Bolivia) auzorik pobreenetako batean bizi da. Muino batean bizi dira, eta inguruko etxeetako edateko uraren hornidura irregularra da. Egunean 100 litro ur erabiltzen dituzte: 16 edateko eta janaria prestatzeko, 6 platerak garbitzeko, 30 arropa garbitzeko, 40 dutxatzeko, 6 litro eskuak garbitzeko eta beste 2 aurpegia garbitzeko.

“Gure etxean ura da garrantzizkoena. Urik gabe ezin gara bizi”

 

Argazki honi buruzko galderak gelarako:

  •  Estebandarrek ur gutxi erabiltzen dute, etxean iturriko ura duten arren. Zure ustez, zergatik?
  •  Munduko hiri askotan bizilagun guztiek ez dute bermatuta ur-hornidura. Etxe batzuek ez dute urik, eta zenbaitetan sarri kentzen dute ura auzoetan. Zure ustez, zergatik gertatzen da hori? Zer irtenbide emango zenioke egoera horri?
  •  Inoiz kendu al dizuete ura etxean? Nola izan da? Zure familiak zer-nolako aldaketak egin behar izan ditu egoerara egokitzeko?
Galería de fotos

Siliya familia: 120 litro, zulatutako putzu batetik

Agua y familias: Malawi

Siliya familia futbolean ari da etxeko ate aurrean, Dowan (Malawi). Felix, aita, bertako eskolako maisua da, eta eskolan bertan bizi dira. Eskolatik 700 bat metrora dagoen zulatutako putzu batetik hartzen dituzte egunean erabiltzen dituzten 120 litroak: 40 euren higienerako, beste 40 janaria prestatzeko eta edateko, 20 platerak garbitzeko eta beste 20 arropa garbitzeko. Eskolako putzua zulatu aurretik, herritarrek 5 kilometro egin behar izaten zituzten hurbileneko putzura iristeko. Leku menditsu batean bizi direnez, ezin zuten aldi berean ur asko garraiatu, eta familiek inoiz ez zuten eguneroko bizimodurako behar adina ur izaten.

“Gogoko dut etxea garbitzea. Horrela erakusten diet gaztetxoei etxeko gizona izateak ez duela esan nahi ezin denik etxeko lanik egin. Etxea garbitzen dudanean, oso txukun geratzen da eta horrek ongi sentiarazten nau. Garrantzizkoa da nire seme-alabei ikusaraztea lana ere partekatu egin behar dela, gizona edo emakumea izan”.

 

Argazki honi buruzko galderak gelarako:

  •  Siliya familiak eta herriko beste familia batzuek eskolako ur-hornidura erabiltzen dute eguneroko premietarako. Hori nahiko ohikoa da munduko leku askotan, ura partekatu egin behar izaten baitute. Zure ustez, zergatik da onuragarria familia horientzat eskolako ur-hornidura eta saneamendu-instalazioak erabiltzea? Zer eginkizun betetzen du eskolak komunitatean?
  •  Felix Siliya maisua da, eta bere familia herrialdeko klase ertainekoa da. Hala eta guztiz ere, etxean ez du ur-hornidurarik. Hori ohikoa da munduko leku askotan, bereziki landa-eremuetan. Zer alde dago, zure ustez, “pobrea” eta “aberatsa” izatearen artean norbera bizi den ingurunearen eta lekuaren arabera?
  •  Felix Siliyak oso argi du etxea garbitzea balio hezitzailea dela. Ados al zaude? Zure ustez, eguneroko beste zer zereginek eta jarrerek dute balio hezitzailea eta laguntzen digute gauzak hobeto egiten?
Galería de fotos

Gilbertson familia: 1.000 litro ur iturritik

Agua y familias: EEUU

Argazki hauen egilea, Ashley Gilbertson, familiarekin agertzen da euren kalean, New Yorken (EAB). Egunean iturriko 1.000 litro ur erabiltzen dituzte: 100 komunerako, 300 dutxatzeko eta bainatzeko, 200 eskuak, aurpegia eta platerak garbitzeko, 80 ontzi-garbigailurako, 100 arropa garbitzeko, 50 edateko eta janaria prestatzeko eta 150 lorategia ureztatzeko eta etxea garbitzeko.


“Bidaiatu eta argazki horiek atera ondoren, harrituta geratu naiz gure familian zenbat ur erabiltzen dugun ikusita. Banekien beste herrialde batzuetan erabiltzen dutena baino gehiago erabiltzen genuela, baina ez nuen uste hainbeste erabiltzen genuenik”.

 

Argazki honi buruzko galderak gelarako:

  •  Familia honek erabiltzen duen ur-kopurua badirudi ikaragarria dela gainerako familiek erabiltzen dutenarekin alderatuta. Zure ustez, zure etxean antzeko ur-kopurua erabiltzen ote da? Nola jakin zenezake?
  •  Ashley Gilbertsonek esan du argazkiak ateratzen aritu denean ikusi duen egoerarik kezkagarrienetako bat izan dela klimaren krisia nolabait ere desagerrarazten ari dela familia askoren bizimodua, jada ezin baitira bizi ura betiko agortu den lekuetan. Zure ustez, zer egin dezake familia batek bere herrian ura agortzen bada? Ba al dakizu zer den errefuxiatu klimatiko bat? Nola lagundu ahal zaie familia horiei?
  •  Argazkilaria kezkatuta geratu da familiek emakumeei ematen dieten tratua ikusita ere: “lan asko egiten dute eta jabetza bat izango balira bezala tratatzen dituzte”. Zure ustez, nola aldatuko litzateke familia horietako batzuen bizimodua baldin eta etxeko lanak, garbiketa eta ur bila joateko zeregina gizonen eta emakumeen artean banatuko balira?