Garapenerako Hezkuntza: Irakasleentzako esku-liburua

Garapenerako hezkuntza: Irakasleentzako esku-liburu honek, lehenik eta behin hezitzaileak proposamen honetara eta honen osagai kontzeptual, metodologiko eta didaktikoetara erakarri nahi ditu. Honekin batera, izaera dinamiko eta parte hartzailea duten hogeita bi jardueraren bilduma eskaintzen du, guztiak ikasgelako praktikarako inspirazio gisa zein modu eraginkorrean erabiltzeko tresna baliagarriak direlarik. Jarduera horiek ez daude eduki zehatz bati lotuta baizik eta gai desberdinetara egokitzeko prestatuta daude, hezitzailearen beharren edota irizpidearen arabera.

Inguratzen gaituen errealitatea Garapenerako Hezkuntzaren ikuspuntutik ikertua,  gazteen bizitza garatzen den bizikidetzarako gizarteko esparru desberdinetan aplikatzen da: ikastetxea, udalerria, autonomia erkidegoa, estatua, Europa eta mundua. Esparru horiek guztiak eskolako ordenamenduaren maila desberdinetan ikuskatu behar dira, banaketa eta mailaketako irizpide pedagogikoak kontuan izanda. Horrela, Garapenerako Hezkuntza Hegoaldeko herri pobreen egoeraz edo Ipar-Hegoaldearen arteko harremanaz soilik ez dela ari azpimarratu behar da. Areago, besteekiko eta inguruarekiko ditugun harremanetan modu arduratsuan praktikan jarri behar diren balio unibertsalak sustatzen ditu, hurbilen daudenetatik hasi eta ohiko mugetatik kanpo dauden elkarren arteko harremanak ezagutzen doazen heinean eremua zabalduz, muga horiek gaur egungo munduan globalizazio prozesu desberdinen ondorioz itxuragabetuak baitaude. Era berean, ikaskideekin dituzten harremanetan zein, herrialde aberats bateko hiritar izanik, Hegoaldeko herri eta hiritarrekin dituzten harremanetan lankidetzaren balioa bereganatzea oso garrantzitsua da. Giza eskubideen oinarrian finkatzen den Hiritartasun Globalaren ideia, Balioetan oinarritutako Hezkuntzari gehitzen zaion funtsezko elementuetariko bat izan daiteke, orain arte aplikatu den bezala.