Txad. Haurrak elgorriaren aurka txertatzearen garrantzia

Txad-eko Osasun Ministerioak, Osasunaren Munduko Erakundearen, UNICEFen eta beste aliatu batzuen laguntzarekin, 6 eta 59 hilabete bitarteko haur guztiek elgorriaren aurkako txertoa jaso dezaten nazio mailako kanpaina abian jarri du.

Otsailean gauzatu den bigarren fase honetan, osasun arloko langileek haur kopuru handi bati txertoa jartzea lortu dute. Lehen gasea urtarrilean gauzatu zen eta haurrek polio-aren aurkako txertoa ere jaso zuten.  

Josette Bakita-k bere bi ilobak txertaketa gunera eraman zituen, lurrezko bide bat zeharkatuz. Bakita, hurbil dagoen eskola bateko gizarte langilea da eta elgorriaren eraginak ulertzen ditu, horregatik izurritea gerarazteko ahal den guztia egiten du.  

Gaixotasuna hartu duten haurrei nola lagundu ez dakiten gurasoak ikusi dituela dio. “Etsiturik daude eta petrikilo tradizionalen laguntza bilatzen dute. Horrek haurren egoera okertu dezakela badakit, batzuetan beranduegi izaten da eta haurrak hil egiten dira”, esaten du. “Nire elizan kontzientzia sortzen saiatzen naiz, bereziki amen artean; arriskuan egon ez daitezen, haurrek txertoak nola jaso ditzaketen azaltzen diet".

heriotza kausa nagusia

Elgorria, bost urtetik beherako haurren heriotzen kausa nagusienetariko bat da Txad-en. Gaixotasun honekin harremana duten arazoek heriotza sor ditzakete eta haur txikienen artean ohikoagoak dira.

Txad-en gertatzen den bezala, desnutrizio maila altuak eta osasun arreta egokirik ez duten biztanle kalteberenen artean, kasuen %10ak heriotzean bukatu dezake. Baina gaixotasun hau txertaketaren bitartez erraz saihestu daiteke.

UNICEFen laguntzarekin, ospitaleek eta osasun zentroek haurrek elgorriaren aurka txertatzeak duen garrantziaren inguruko informazioa ematen diete erkidegoei. Osasun arloko Arduraduna den Martine Batakira-k, Amkounjara bere barrutiko txertaketa gunetik kanpora, eserleku batekin eta kartoizko kaxa batekin bulego ibiltari bat eraiki zuen eta 6.800 haur txertatzea lortu zuen.

“nire seme-alabak ez dira inoiz gaixorik egon, txertoak jaso dituztelako”

Batakira-k bost seme-alaba ditu eta bere familia erkidegoarentzako eredu bilakatu da. Elgorriaren agerraldi batean, erkidegoko biztanleek bere seme-alabak ez zirela gaixotzen ikusi zuten. “Nire seme-alabak, txertoak jaso dituztenez, inoiz ez direla gaixotzen esan nien", dio.

Pregoilariek ere funtsezko papera betetzen dute txertaketaren garrantziaren inguruko kontzientziazio lana egiterako orduan. Labroserie-n, tokiko pregoilaria den Mahaamt Kalala-k, megafonoaren bitartez immunizazio kanpainaren datak ezagutzera ematen ditu, frantsezez, arabieraz eta tokiko hizkuntzan.

Kalala-k osasun zentroarekin modu hestuan lan egiten du, zentroetan immunizazioaren garrantziaren inguruan kontzientzia sortzeko helburuarekin. 10 urte daramatza pregoilari gisa lanean eta erkidegoko gurasoek berarengan konfiantza dute.

“Lehen, gurasoek haurrak txertatzeari uko egiten zioten”, esan zuen, “baina orain, beraiekin hitz egiten ari gara haurrek txertoak jaso ditzaten. Kalala-k 13 seme-alaba ditu eta guztiek txertoak jaso dituzte.

“Banekien seme-alabak hiltzeko arriskua zutela gaixotasun honen aurkako babesa ematen ez banien eta hori da familiei konbentzitzeko esaten diodana”, azaldu du.