Sahel-eko elikadura-krisia

Datorren urtean Afrikako Sahel-eko eskualdean 1.025.000 haurrek desnutrizio larria pairatuko dutela iragartzen da eta beren bizitzak arriskuan egongo dira. UNICEF "erronka izugarritzat” deskribatzen duen egoerarako prestatzen ari da eta jada elikagai terapeutikoak eta larrialdietarako hornidura banatzeko agindua eman du.

UNICEFek Afrika mendebalde eta erdialderako duen bulegoaren kalkuluen arabera, desnutrizio akutu larria pairatzen duten bost urtetik beherako kasu gehienak Niger-en kokatzen dira; orain arte, bertan 330.600 kasu antzeman dira.

Beste hainbat herrialde eta eskualdeetan ere haurrek arreta berezia beharko dutela aurreikusten da: Txad, Nigeria-ko iparraldea, Kamerun-go iparraldea, Burkina Faso, Mali, Mauritania eta Senegal-eko iparraldean. 

“Haurrei eragiten dien krisi hau erronka izugarria izango da. Ez gara arinkeriaz ohartarazten ari, arazo honen larritasunak oraintxe bertan eman behar zaion erantzuna behar baitu”, adierazi du David Gressly UNICEFen eskualdeko zuzendariak. 

“Hondamendia ekidin daiteke Sahel-eko eskualdean aurrekaririk gabeko ahalegina egiten badugu. Horretarako, lekuan bertan dauden profesionalek behar bezalako hornidurak dituztela eta ahuldutako herritarren artean gaixotasunak harrapatzeko mehatxua geldiarazteko nahikoa lan egiten dela ziurtatu behar dugu”, esan zuen Gressly-k.

UNICEFek premiaz 65,7 milioi dolar (49,17 milioi euro) behar ditu elikadura eta osasunaren alorrean lanean jarraitzeko, baita hornidurak banatzeko ere. Hala ere, zenbateko hori haz daiteke, esku-hartzeak datorren urtean zehar egitea bermatzeko. Elikadura-maila hobetzeaz gain, osasun-programak indartu, elikadura-zentroetako ur-horniketa eta saneamendua hobetu eta lekualdatutako haur eta familien hezkuntza eta babesa hobetu behar baitira.