Ezbeharra Mediterraneoan: UNICEFen adierazpena azken hondoratzeen inguruan

Maizegi iristen ari zaizkigu Mediterraneo itsasoko ezbeharren berriak: ehunka lagun, haurrak barne, gelditzen dira bidean, hilik edo desagertuta; giza-kostua altuegia da.

Bi egunetan izandako bi zoritxarreko gertakarik argi eta garbi uzten dute ekintza eta erantzun azkarrak, ausartak eta kolektiboak behar direla.

Milaka lagunek egin dute Europarako bidaia arriskutsua: gizon eta emakumeak, familia osoak askotan, segurtasun eta aukera bila; edo gatazka ikaragarriak dituzten Siria bezalako herrialdeetatik alde egiten duten nerabe eta umeak. Gutxienez 1.600 lagun hil dira urtea hasi zenetik, Europara iritsi aurretik gainera.

Gehiegikeriak jasateko arriskua dute bidaia horiek egiten dituzten haurrek, baita esplotatuak izateko edo hiltzeko arriskua ere. Bizirik irauten dutenak, berriz, maiz gelditzen dira segurtasunik gabeko egoeretan, egoera ezegokietan edo kriminalizatuak. Horrek Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmena haustea dakar.

Eskatzen dugu, beraz, egiten den guztia haur bakoitzaren ongizateari begiratuz egin dezaten, errefuxiatua edo migratzailea den begiratu gabe. Haurrak leku seguru batean artatu behar dira, ez atxiloketa guneetan: izan ditzaten aukerak hezkuntzarako, osasunerako, lege- eta gizarte-zerbitzuetarako, gehienbat ume ahulenek.

Europan eguraldi ona hasten den honetan, migrazioa handitzen denean, ekintza eraginkor batek ekidin ditzake zentzu gabeko heriotza gehiago. Horrek esan nahi du mantendu behar direla egun Europar Batasunean haurrentzat bakarrik dauden bermeak, bizitzak salbatzeko bilaketa eta erreskate ahalmenak indartu behar direla, pertsonekin trafikatzen dutenak jazarri behar direla eta migrazioa sortzen duten oinarrizko zergatiei heldu behar zaiela jatorriko herrialdeetan bertan: gatazka, pobrezia eta bereizkeria, alegia.