Entzungo gaituzte? Gatazka guneetan dauden gazteen iritziak

Txosten hau haurrei eta gatazka armatuei buruzko Machel Ikerketaren Hamarkadako Azterketa Estrategikoarekin batera dator.Bertan,92 herrialdeetako 1.700 haur eta gazte ingururen ikuspuntuak eta gomendioak biltzen dira. Haien iritziak eta ideiak Azterketarako funtsezko ekarpenak dira eta eztabaida taldeetan eta Internet bidezko galdetegien bitartez lortu ziren.

Afganistan, Angola, Burundi, Kolonbia, Filipinak, Haiti, Irak, Kosovo (Serbia), Liberia, Nepal, Afrika Erdialdeko Errepublika, Rwanda, Sierra Leona, Somalia, Sri Lanka, Sudan, Palestinako Lurralde Okupatua, Uganda eta beste herrialde askotakoak gara.

Ez ditugu gure izenak aipatuko, guretzat arriskutsua izan litekeelako.

Guztiok ezaugarri komuna daukagu: gatazka armatuek gure bizitzengan eragina izan dute. Horregatik, hainbat lekutatik etorri arren eta gure arazoak beti berdinak izan ez arren, ahots batez hitz egiten dugu.

Oraindik ez dugu itxaropena guztiz galdu. Oraindik amets handiak gordetzen ditugu: eskolara joan nahi dugu eta gure lagunekin jolastu; gure gizarteetan bakea ezartzen lagundu eta mundu hau leku hobea bihurtu nahi dugu. Txosten honetan parte hartzeak, gure lagunekin elkartu eta gure istorioak elkarrekin partekatzeko aukera eman digu. Era berean, pentsatzen eta sentitzen duguna zuei jakinarazteko aukera handia da.
Baina hitz egitea ez da nahikoa. Zuek gurekin hitz egiteko elkartu ostean, aldaketaren bat ikusiko al dugu? Gure iritziak entzungo al dituzue eta guk esandakoa kontuan hartuz ekingo al duzue?

Adore eskerga daukagu eta gure etorkizunaren alde borrokatzeko borondate tinkoa. Gutariko asko hasi dira jadanik helburu hori lortzeko urratsak ematen. Gurekin bat egingo al duzue?