Larrialdiak 2016: ezin gara lasai egon

UNICEFek Haurrentzako Ekintza Humanitariorako 2016. urteko txostena aurkeztu du 2.800 milioi dolarreko deialdia eginez, munduko umeei beharrezko laguntza eskaintzeko. Siriako krisiak larrialdi egoeretako hezkuntza beharrizana areagotu du.

lARRIALDIAK 2016: EZAGUTU HAURRENTZAKO GATAZKA LARRIENAK

UNICEFek 2.800 milioi dolarreko deialdiaegin du mundu osoan larrialdi egoeran bizi diren 43 milioi umeri laguntza eskaintzeko. Historian lehenbiziko aldiz, deialdiaren zatirik nagusiena, %25, larrialdi egoeran bizi diren haurren hezkuntzari bideratuko da. UNICEFek aurten aurreikusita dauka krisi egoeran bizi diren haurrentzako hezkuntza-sarbideak modu aipagarrian gora egitea; 2015ean 4,9 milioi umeri eman zitzaien eskolarako sarbidea eta 2016an 8,2 milioi izatea espero da. Erdia baino gehiago, 5 milioi, Sirian bertan edo mugakide diren herrialdeetan bizi diren haur siriarrak izango dira. 

"Milioika haurri ikasteko aukera lapurtzen ari zaie", dio Afshan Khan, UNICEFen larrialdietarako programa arduradunak. “Hezkuntzak umeen bizitzak salbatzen ditu; granada eta tiro artean bizi direnei ikasi eta jolasteko aukera ematen die. Aurten, deialdiko laurdena hezkuntzari bideratuta dago. Haur eta gazteen adimenak hezitzean, euren familia, gizartea eta norbere buruarentzat etorkizun hobea izateko esperantza pizten ari gara, krisi kronikoen zikloari amaiera emanez”.

UNICEFen 2016ko deialdiak duela hiru urte egin zen deialdia bikoizten du. Gatazkek eta muturreko tenperaturek, krisiak eragiten dituzten kausa nagusiak, gero eta haur gehiago euren etxeetatik alde egitera behartu dituzte eta milioika ume gehiago elikagai gabezia, biolentzia, gaixotasun, abusu eta hezkuntza mehatxuen aurrean utzi dituzte.                            

Munduan 9 umetik 1 inguru gatazka eremuetan bizi da gaur egun. 2015ean gatazkak eragindako herrialde edo eremuetan bizi ziren haurrek, beste herrialde batzuetan bizi zirenek baino bi aldiz aukera gehiago zuten hiltzeko, 5 urte bete baino lehen ekidin daitezkeen arrazoiengatik.

Aldaketa klimatikoa gero eta mehatxu handiagoa da; izan ere, 500 milioi ume baino gehiago bizi dira uholdeak jasateko aukera asko dituzten inguruetan eta ia 160 milioi lehorte larri eta oso larriak egoteko arriskua dagoen tokietan. “El Niño” fenomenoaren ondorioz emango diren aldaketa klimatikoak egoera are gehiago larritzen du, aurtengoa izango delarik historiako larrienetakoa arlo honetan.

Euren etxeetatik alde egitera behartuta egon diren pertsonen kopuruak gora egiten jarraitzen du eta, Europara soilik, 2015. urtean milioi 1 errefuxiatu eta migrante baino gehiago iritsi ziren. “Azkeneko hilabeteotan neure begiekin ikusi dut Burundiko haurren sufrimendua gizakiak paira ditzakeen mugetatik haratago, Nigeria ipar-ekialdeko umeena eta Europan errefuxiatu eta migranteen bidea egiten dutenena”, dio Khanek. “Mundu osoan, biolentzia eta gatazkak direla eta, milioika umek alde egin behar izan dute euren etxeetatik. Errefuxiatuen mundu mailako krisia haurrentzako babes krisia ere bada, abusua, esplotazioa eta salerosketa jasateko arrisku gehiagori aurre egiten diotelako”.

UNICEFen ‘Haurrentzako Ekintza Humanitarioa 2016’ txostena63 herrialdetako 76 milioi pertsonari bideratuta dago.  

•      Deialdiko zatirik handiena, 1.160 milioi dolar, Siriako laguntza humanitariora bideratuko da, eta Egipto, Irak, Jordania, Libano eta Turkian eragina duen Siriako errefuxiatuen krisira. Nahitaezko beharrizan dira ur edangarria, txertoak, hezkuntza eta babesa.  

•      UNICEF 30,8 milioi dolar eskatzen ari da Europako errefuxiatu eta migranteen krisiari aurre egiteko.   

•      UNICEFek 180 milioi dolarreko deialdia egiten du Yemengo haurrentzako, non 10 milioi umek duten laguntza humanitarioa berehala jasotzeko beharra, lehenbiziko urteurrena laster beteko den herrialde honetan.

•      UNICEFEK 25,5 milioi dolarreko deialdia egiten du Burundiko haurrak babesten laguntzeko, munduko herrialde txiroenetako bat, eta bertatik Ruanda eta Tanzaniara alde egin duten errefuxiatuei laguntzeko.

•      UNICEF 188,9 milioi dolar eskatzen ari da Nigeria, Kamerun, Niger eta Txad-eko beharrizanei erantzuna emateko, Nigeria ipar-ekialdeko biolentziaren eraginak barne.

UNICEFen deialdiak finantziazio eskasia duten larrialdi egoerak ere kontuan hartzen ditu, esaterako, denboran zehar luzatzen ari diren Afganistango krisia, Kongoko Errepublika Demokratikoko krisia eta Sudan. 2015ean eskatutako fondoen %40 baino gutxiago jaso zuten. UNICEFek lortutako diru-laguntzak berehalako erantzun humanitarioa ematera bideratuko dira, baita herrialdeak etorkizuneko larrialdi egoerei aurre egitera prestatzeko epe luzeko lanera ere.

2015ean UNICEFek milioika umeri eman zien laguntza humanitarioa: 22,6 milioi pertsonentzako edateko ura, 11,3 umerentzako elgorriaren aurkako txertoak, desnutrizio larriaren aurkako 2 milioi umerentzako tratamendua, 2 milioi umeri laguntza psikologikoa eta oinarriazko hezkuntzarako sarbidea 4 milioi haurri. 

‘Haurrentzako Ekintza Humanitarioa 2016’ UNICEFen deialdia eta aipatutako herrialdeen inguruko informazioa hemen eskuragai